ESKOLA-SEGREGAZIOA, ALDA DITZAGUN GALDERAK
Amerikako Estatu Batuetan 67 urte bete dira Linda Brown bere auzoko txurien eskolan matrikulatzeko eskubidea aitortu ziotenetik. Brown: horrela deitzen da Estatu Batuetan gehien ospatu den desegregazioaren aldeko legea. Pozez zoratzen hartu zuten beltzen eskubide zibilen aldeko aktibistek erabaki hura. Hezkuntza politika berri honi ezker beltzen ametsak eta espektatibak gora egin zuten. Gogora dezagun garai haietan, legeek auspotutako segregazioa pairatzen zutela beltzek. Komunak, aldagelak, autobusak, jantokiak, eskolak eta hainbat espazio legez segregaturik egoten ziren. Legeak abolitu ondoren, alabaina, arrazakeriazko ohiturak geratzen ziren oraindik aldatzeko. Brown legeak berehalako eskolen desegregazio baten agindua egin zuen. Itzelak izan ziren sortutako gatazkak, beltzen auzo txiroenetatik zurien eskoletara
heldutako autobusak harriekin artatuak izan ziren, geletan ikasle beltzek itzelezko diskriminazioa pairatu zuten, gorriak pasatu zituztela argi geratu zen idatzita hainbat eleberritan. Aitortu dezagun gatazka ikaragarri horien testuingurua ez dela gurea. Baina, onar dezagun bederen, Brown legea aitortu zenetik hona 67 urte pasatu direla eta tamalez oraindik segregazioaren auzia ez duela inolaz ere konpondu, alderantziz, azken urteetan AEBko segregazio egoera larriagotu egin dela esan daiteke. 20 urte hauetan eskola desegregazioak eta bestelako beltzen aldeko planak ekarri duen xahututakoaren kontua atera dutenean 16 trilioi dolar gastatu direla aitortu egin zuen.
AERA da AEBetako hezkuntza-elkarte zientifikorik garrantzitsuena. 18 urtetik hona urtero eskola-segregazio inguruko hitzaldi bat antolatzen du elkarteak eta iaz, William Tate IV hautatu zuen hizlari gisa. Tatek maisuki azaldu zuen Brownek ilusioa ekarri bezala plazeboa izan zela. Ume beltzak eta zuriak eskola berdinetan elkartze soilak askotan ez zien ekarri onurarik ume beltzei. Are gehiago, irmoki errefusatu zuen ikasle beltzez osatutako eskola bat porrotera bideratuta dagoen pentsamendua. Hainbat beltzen eskola arrakastatsuen izenak aipatu zituen adibide gisa. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako eskolak gakoa zela azaldu zuen. Du Boisek, beltzen eskubideen aldeko aktibista ospetsuak esan zuen bezala, “ume beltzek ez dute eskola segregaturik behar, ezta mistorik ere. Hezkuntza behar dute”. Ondoren, Tatek azaldu zuenez ikasle beltzak eta zuriak eskoletan elkartu ziren bezain laster, barneko segregazioa sortu zen. Ikasle beltzek maila akademiko baxuagoa zekartenez “traking” edo “streaming” izeneko estrategia pedagogikoak ipini ziren martxan eskoletan. Horrela, berriro ere, ikasle beltzak zurien eskoletan egonda ere, maila kurrikular baxuagoak eta espektatiba baxuko geletan kokatuak izan ziren. Alderantziz ere, errendimendu altuko ikasleak “gaitasun altuko” talde bereizietan parte hartzen zuten, hauetan ikasle zuriak denak, noski!
Eskola barneko segregazio arrazista honen arkitektura pedagogikoa eraikitzeko Ausubel psikologoen
teoriak perfektuki doituko ziren. Izan ere, Ausubel arrazista bat zen. Gogora dezagun Ausubelen esaldi famatu hura: “Psikologia kognitiboaren teoria printzipio batean laburbildu beharko banu, honako hau esango nuke: azter ezazu ikasleak dakiena eta irakatsi honen arabera”. Espainiako hezkuntza erreformapean, Ausubelen pedagogian oinarriturik, taldekatze malguak errendimenduaren arabera eta curriculum adaptazioak eguneroko jarduna bihurtu ziren irakasleen artean. Oraindik ere, oso irakasle gutxik jartzen dituzte praktika kaltegarri hauek zalantzan, eta inolaz ere sumatzen dute autore arrazista batek eginak zirela, ez eta arrazistek bultzatu zituztela ume beltzak eta zuriak eskoletan banaturik jarrai zitezen.
Gurasoak engainaturik daude pentsatzen badute klase orduetan ikasgelatik kanpoko bakarkako edo taldeko errefortzu bat jasota bere seme-alabak aurrerapen handiagoa lortuko duenik. Pentsatuko duzue akusazio gogorra dela hori eskolako profesionalen aurka. Baina, badira hamaika ikerketa zientifiko hori baieztatzen dutenak eta tamalez profesionalei ezkutatzen zaizkienak, irakasleen formazioetan ez baita halakorik aipatzen.
Zer esango du beste herrialde batetik etorri berri den guraso horietako batek bere semea gela berezi batean, gabezi berdina duten beste ikasleekin batera elkarturik, euskara irakatsiko diotela esaten diotenean? Gehiengoak ezer. Murgiltze sistema berria dela esango diote, Euskadin EUSLE programa. Baina denok dakigu hizkuntza batean murgiltzeko hizkuntza hori erabiltzen duten ikasleekin interakzioak behar direla, eta ez kontrakoa. Zein pedagogia mota dago guzti honen atzetik? Ausubelen ikaskuntza esanguratsuaren teoria da.
Galderak aldatu
Orain arte azaldu dudana kontuan izanda, gure eskoletan txertatuta dagoen pedagogiaren historia ezagututa, eskola bat atzerritarrez bete ez dadin lortzeko modu efektiborik badagoen gure burua galdetzen diogun bitartean labirintu bukaezin batean sartuta jarraituko dugu. Baina, Tate eta Du Buisek esandakoa berriro irakurtzen badugu konturatuko gara ,segurutik, galdera txarto planteatuta dagoela, irmoki defendatu dutelako getthifikatuta dauden eskoletako ikasleek arrakasta akademikoa lortu dezaketelako baldin eta baldintza pedagogiko egokiak ipintzen badira martxan. Zer egin dezakegu ijitoak edo atzerritarrak biltzen diren eskoletan arrakasta akademikoa egoteko?
Zientzian jasota daude adibide arrakastatsuak. Adibidez, badugu Hospitaleteko Joaquim Ruiyra eskola. %90ean atzerritar eta baldintza ekonomiko baxuko ikasleez osaturik dagoena baina urtez urte aberatsen eskola pribatuen nota berdinak ateratzen dituztenak. Beraz, posible da. Baina, ez edozelan, bertan aplikatzen diren pedagogiak oinarri hartuta soilik lortu daiteke. Europak berak bultzatzen dituen Arrakastazko Jarduera Hezitzaileak ezagutu eta martxan ipintzea besterik ez dugu behar. Ausubelengandik oso urrun daudenak. Joaquim Ruiyrako ikasketa buruari bere eskola gettho bat den ala ez galdetu zaionean, argi azaldu du bere eskola ez dela gettho bat, aniztasuna biltzen duen goi-mailako eskola bat baizik. Ijitoekin Arrakastazko Jarduera Hezitzaileak frogatu egin ziren ere “La paz” eskolan Almerian. Eskola honetan emaitzak hirukoiztu egin ziren urte gutxietan, arrakasta akademikoa lortuz ikasle guzti-guztientzat eta absentismo tasak zerora ekarriz.
Auzi guzti honetan, desegregazioaren ikerketan ezaguna den David Armorrek (Forced Justice liburuan) esaten zuen moduan, galdera hau egin beharko genioke geure buruari: Zerk arduratzen gaitu gehien: eskolen konposizio ez-mistoak ala ikasle pobreen porrot akademikoa? Galdera hori erantzutea premiazkoa da.
Galdetu beharko genuke geure buruari ere ea ijitoek, boliviarrek, arabiarrek, afrikarrek edo bestelako taldeek ez baduten eskola berdinetan elkartzeko eskubiderik. Ez al da hori ukatzea arrazakeria ere? Eskola alemanak, ingelesak, euskaldunak eta katolikoak, inork getthotzat jo gabe, sortu diren moduan sortzeko eskubide bera dute jatorri xumea duten beste batzuek ere.
Ikasleek Arrakastazko Jarduera Hezitzaileak eskoletan disfrutatzeko eskubidea dute. Hori bermatzen ez dugun bitartean, labirintuan galdurik, noraezean, eta porrotean murgilduta jarraituko dugu hurrengo hamarkadetan. Beraz, falta zaiguna paradigma pedagogikoak aldatzea da. Ondoren, ikusi beharko genuke, ea eskola arrakastatsu hauetara, non matematika, euskara eta zientzia ikasgaietan maila gorena lortzen den, zein ikasle mota matrikulatuko den. Dudarik gabe, arrakasta hau duen eskola batera maila sozioekonomikoko ertaineko guraso gehiagoen matrikula bereganatzeko aukera dagoela. Ba horixe da, azken finean, “magnet schools” programaren funtsa. Ikasle pobreak dauden lekuetan eskola bikainak sortzea eta honela maila sozioekonomiko ertaineko ikasleak erakartzeko aukera piztuko da. Azkenik, irabazle aterako ginateke danok, inori zein eskolan ikasi behar duen behartu gabe, eskolen konposizioa askotarikoa izango da eta kalitatezko hezkuntzaz gozatuko dute.