Dislexia duten pertsonek irakurtzeaz disfruta dezakete: Solasaldi Literario Dialogikoak
Dislexia duen pertsona batek testu baten aurrean egin behar duen esfortzua bikoiztu egin ohi da. Gaineratzen badugu irakurketarekin izandako eskarmentu negatiboa, irakurtzea kasu gehienetan bazterrean uzten den jarduera izaten da. Baina ez da horrela kasu guztietan, batzuetan dislexikoei grina handia sortzen zaie testu literario eta bestelakoetan aurkitzen diren datuak, sentimenduak, istorioak eta abar. Jakiteko eta disfrutatzeko grina honek irakurtzeko zailtasunak ahaztera edo bigarren maila batera pasatzera eramaten du. Nahiz eta irakurtzeko zailtasuna iraun, dislexikoek irakurketaz disfrutatzen jarrai dezakete bizitza osoan zehar.
Ba al dago moduren bat hauxe lortzeko?
Bai, Arrakastako Jarduera Hezitzaile bat proposatuko dizuet. Jarduera hauek Europako proiektu zientifikorik handienaren ondorioak dira. Hauen artean, Solasaldi Literario Dialogikoak ditugu irakurketaz disfrutatzeko modurik hoberena direlarik. Solasaldi hauetan hainbat pertsona liburu berdina irakurtzen dute. Liburu honen kalitatea maila altukoa izan behar du, horretarako liburu klasikoak hautatzen dira. Solaskideen artean adosten da elkartzeko data bat eta irakurri beharreko atalak. Liburu osoa irakurri badaiteke ere, batzuetan liburu luzeak eta zailak direnean hobe da irakurketa hainbat asteetan banatzea eta aste hauetan zehar hainbat solasaldi antolatzea liburu berberaren inguruan atal ezberdinei buruz. Solasaldi bakoitzean irakurleek liburutik hautatutako pasarteak irakurtzen dute denontzat eta beren hausnarketak plazaratzen dituzte. Ondoren besteek esandakoaren inguruan iruzkindu dezakete ere. Hautapena hainbat arrazoiengatik egin dezake irakurleak: gustatu zaiolako esaldi hori, ez duelako ulertu paragrafo hura, ez zaiolako gustatu pertsonai horren jardunbidea, beren bizipen batekin lotzen delako edo bestelako liburuetan gertatzen denarekin alderatzea nahi delako, azkenean, norberak bilatu behar ditu hautapenaren arrazoiak eta hauek azaldu gainontzeko taldekideei. Horrela, banaka-banaka parte hartzaile guztiak testua iruzkintzen dute mintzaldi aberats eta mamitsu batean.
Zergatik testu klasikoak?
Solasaldiak testu klasikoekin egiten ez badira porrot egiteko arrisku handia dute. Izan ere, liburu bat klasiko unibertsala bezala izendatzeko hainbat ezaugarri betetzen ditu. Adibidez, mundu osoko gizaterian izan duen inpaktua nabarmena izan da, izan ere, liburu hauek kulturaren garapenean izan duten eragina denontzat ezaguna da. Kontatzen zutenaren edukia eta kontatzen den modua kalitate handia lortu zuten, hainbesteraino non, gaur egungo belaunaldietan, oraindik ere sentimendu berdinak sortzen dituen. Beraz, klasikoak ez dira modaz pasatzen, ez dira iraungitzen. Denbora eta herrialdeen mugak zeharkatzen dituzten obrak dira. Eta ez hori bakarrik, oro har, hiztegi eta gramatika aberatsez osaturik daude. Batzuetan, moldapenak aukera daitezke testuaren zailtasuna gutxitzeko, gure hautua hori bada kalitatea ahalik eta goren mantentzea gomendatzen da, horretarako moldapena aztertu beharko litzateke. Baina, dudarik gabe, gure saiakera testu originalak irakurtzera jo beharko luke. Gure umeak zenbat eta zailtasun handieneko testuetara eraginpean jarri ezkero orduan eta estruktura konplexu eta hiztegi zailenera ohituko dira, eta horrek beraien ulermen mailan eragin ikaragarri positiboa izango du. Hasieran, neketsua izan daiteke, baina merezi du esfortzuak. Hasieran ipuin original laburrak irakurri daitezke. Adibidez, Esoporen fabulak edota Grimm anaien ipuinen originalak. Testu originalekin txiki-txikitatik (haur hezkuntzatik adibidez) kontaktua izatea komeni da, lokartu aurreko entzunaldietan adibidez.
Zer abantaila ditu Solasaldi Dialogiko Literarioek pertsona dislexikoentzat?
1) Testuak zatika irakurtzen dira eta horrek lasaitasuna eman dezake. Ez da berdina liburu oso bat irakurri beharra edo zatika adosten bada.
2) Testu zailak izan daitezkeenez haria galdu daiteke baina solasaldietan elkarrekin zentzua berreskuratzeko aukera dago.
3) Literatura beste pertsonekin batera gehiago disfrutatzen da, adiskidetasuna sortzen da eta horrek motibazio handia eta emozio positiboak eta sentimendu politak sor ditzake. Ordurarte negatibotzat hartzen zen jarduera bat positibotzat har dezake orain.
4) Taldean sortu daitekeen adiskidetasuna dela medio laguntza gehiago jaso daiteke dislexikoak irakurtzeko arazoak sortzen badira.
Zer izan behar dugu kontutan Solasaldietan pertsona dislexikoa badago.
1- Agian laguntza behar du. Adi egon eta eskua luzatzeko prest egon. Eskoletan Pedagogia Terapeutikoko irakasleak edo etxean gurasoek lagundu dezakete.
2- Bere liburuko hautapena ozen irakurtzearekin gaizki pasa dezake. Ez badu ozen irakurri nahi, ez derrigortu. Eman dezala hautapenaren kokapena eta moderatzaileak irakur dezake bere ordez.
3- Hautatzen dituen paragrafoak ozen irakurri baino lehen ongi prestatzen badira estualdi gutxiago izan dezakete solasaldian. Hautapenak hiru aldiz irakurtzea ideia on bat litzateke, prosodia edo entonazioa zainduz.
4- Kontutan izan bere irakurtzeko erritmoa orrialde kopurua ezartzeko orduan.
5- Adi ibili irainekin, edo azpi barreekin, min handia sor dezakete eta. Begirunea eskatu solasaldi bakoitzaren hasieran eta denon ardura eskatu babesa emateko.